Skip to main content

"Nola jaten dugu? Elikagaien eta edarien kontsumoaren analisia nutrizioaren ikuspegitik (2022-2024)"

Análisis consumo alimentos

EAE da osasun aldetik ondoena jaten den bigarren autonomia erkidegoa, eroski fundazioaren txosten baten arabera 
 

  • Kontsumo bolumen guztiaren %79 egunerokoan maiztasunez jatea gomendatzen  diren kategoriei dagokie; Espainiako batezbestekotik gorago dago, %73koa baita.
  • Egunerokoan jatea gomendatzen den produktu proportzio handiari eusten dio EAEk,  %45 inguruan, Espainiako Estatuko baliorik handienetako bat.
  • Azterketak nabarmentzen du EAEko herritarren kontsumo ohituretan eboluzio positibo  bat izan dela 2022tik 2024ra. 


Elorrio, 2025eko azaroaren 13a.- Espainian, autonomia erkidego bat bera ere ez da iristen  gomendatzen diren lau elikagai taldeen kontsumo maila idealetara. Azterketak lau gune  horietan jartzen du ardatza (fruituak eta barazkiak, lekaleak, fruitu lehorrak eta arraina). Dena  den, EAEk estaldura erlatiboki ona du; hala, bigarrena dago Espainian elikadura osasungarria  daramatenen zerrendan. Hala berretsi du "Nola jaten dugu? Elikagaien eta edarien  kontsumoaren analisia nutrizioaren ikuspegitik (2022-2024)" azterketak, Eroski  Fundazioarenak. Lan horretan, elikagaietan eta edarietan gastatzen eta kontsumitzen dena  aztertu dute, Kontsumo Paneleko 2022ko eta 2024ko datuetan oinarrituta. Panel hori  Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioak eskaintzen du. 


Gomendaturiko kategoriei dagokie EAEko herritarren kontsumo bolumen osoaren %79 (frutak,  barazkiak, lekaleak, fruitu lehorrak, arraina eta abar). Horren aldean, %60-70ekoak dira,  esaterako, Murtziakoa eta Andaluziako, eta Espainiako %73ko batezbestekoa gainditzen du.  Noizbehinka edo oso noizbehinka kontsumitzeko diren kategoriei dagokienez, berriz  (produktu ultraprozesatuak, gozokiak, snackak, edari alkoholdunak), Espainiako  batezbestekotik beherago dago. Horrek erakusten du patroi orekatsuagoa daramala. EAEk  kontsumo guztiaren %21 inguru eskaintzen die "noizbehinka edo oso noizbehinka" jateko diren  elikagaiei; Espainian, berriz, %26,5 da batez beste. Nabarmentzeko beste datu bat zera da, EAEk proportzio altuan eusten diela egunero kontsumitzeko diren produktu osasungarriei  (frutak, barazkiak, zereal integralak), %45 inguruan, herrialdeko baliorik handienetako bat. 


Nahiz eta autonomia erkidego batek ere ez dituen betetzen azterketaren ardatz diren lau  elikagai taldeen kontsumo maila idealak (frutak eta barazkiak, lekaleak, fruitu lehorrak eta  arraina), EAEk estaldura maila ona bat erakusten du erlatiboki. Hala, EAEko herritarrak  frutetan eta barazkietan gomendatzen den kontsumoaren %73ra iristen dira (Espainiako  %65eko batezbestekoaren gainetik), beheraldi txiki bat izan da 2022ko datuekin alderatuz  gero (-0,8 puntu). Fruitu lehorretan, berriz, gomendaturiko kontsumoaren %50era  (Espainiakoa %45 da), eta datu hori igo eginda 2022arekin alderatuta (4,9 puntu). Lekaleetan,  gomendaturikoaren %33ra bakarrik iristen da; 2,7 puntu igo da 2022koarekin alderatuta, eta  Espainiako %27ko batezbestekoa gainditzen du. Azkenik, arrainetan, EAE gomendaturiko  kontsumoaren %76ra iristen da; eta Espainiako %61eko batezbestekoa gainditzen du, baina  beherakadatxo bat izan du 2022ko kontsumoarekin alderatuta (-0,6 puntu).  


Azterketak azpimarratzen du EAEko herritarren kontsumo ohituretan eboluzio positibo bat  izan dela 2022tik 2024ra: egunerokoan kontsumitzea gomendatzen diren kategorietan,  0,44ko bolumen igoera izan da (%77,64 2022an eta %78,81 2024an), eta, egunerokoan  maiztasunez kontsumitzea gomendaturikoetan, berriz, 1,17koa (%44,71 2022an eta %45,15  2024an).  
 

Gastuaren eta prezioen eboluzioa 

EAE da hiru autonomia erkidegoetako bat, Kataluniarekin eta Aragoirekin batera, non 2022tik  2024ra prezioak batez beste gutxiago igo baitziren (%10 baino pixka bat gorago). Horrek  iradokitzen du elikagaien prezioak egonkorragoak izan direla, ziurrenera kontsumo mix jakin  bati lotuta: kontsumo orekatsuagoa eta inflazioa gogorra izan duten produktuekin  mendetasun txikiagoa (hala nola olioa eta haragi prozesatuak). Per capita izandako gastua  pixka bat igo da batez beste, baina kontsumo bolumena ia ez da jaitsi; horrek iradokitzen du  EAEko etxeetan dieta doitu egin dutela kalitateari muzin egin gabe. 

 

Ondorioak eta gomendioak 

EAEk oinarri sendoa du kontsumo ohituretan, eta elikagaien inflazioa izan denean,  erresilentzia erakutsi du, baina, EROSKI Fundazioko Alejandro Martinez Berriochoa  zuzendariaren arabera: "Ez dugu erlaxatu behar, zeren eta beti dago hobetzeko marjina.  Heziketa eta sentsibilizazio programak bultzatu behar dira fruten, berduren eta arrainen  erorketa geldiarazteko. Horretaz gainera, lehentasuna eman behar diogu tokiko kontsumo  iraunkorrari: eskualdeko barazki eta arrain ekoizpena aprobetxatu behar dugu, eta, zergatik ez, euskal dieta tradizionala berreskuratu, aberatsa baita lekaleetan, berduretan eta  arrainetan, baina gaur egungo bizimodura egokituta. Horretarako, giltzarria da sektore  publikoak eta pribatuak elkarrekin kooperatzea". 


EROSKI FUNDAZIOAri buruz 

EROSKIk 1997an bultzatutako ekimena da EROSKI Fundazioa, helburu duena gizartearentzako ekintza  sozialeko ekimenak garatzea. Batez ere, ikerketa, berrikuntza, sustapena, hezkuntza eta  kontsumitzaileen zein ingurunearen babesa dute ardatz ekimenek, eta betiere elikadura eta ohitura  osasungarriak zaintzea. Gizarte bidezkoagoa, solidarioagoa eta kohesionatuagoa sustatzen du  fundazioak, jardunaren oinarrian beti interkooperatibismoa hartuta.