
EROSKIk bi “El Chupete” sari jaso ditu, haurren artean ohitura osasungarriak sustatzen egindako lanagatik

Joan den ekainean, “El Chupete” Haur Komunikazioaren Nazioarteko Jaialdiak urtero ematen dituen sari ospetsuetako bi jaso zituen EROSKIk, adingabeei zuzendutako komunikazioaren ardura eta balioa aintzatesteko. Taldeak bi sari jaso ditu: batetik, PLV kategoriari dagokiona (saltokietako sustapena), Elikadura eta Ohitura Osasungarriei buruzko Hezkuntza Programagatik (PEAHS), eta, bestetik, norberaren markako haurrentzako zereal berrien packaging-a diseinatzeari dagokiona.
Aurten saritutako hezkuntza-programa 2012/13 ikasturtean garatu du EROSKI Fundazioak, eta hurrengo ikasturtean zabalduko du. Ekimen honek hainbat erakunde publikoren eta osasunarekin lotutako erakundeen lankidetza du, eta helburua da 9 eta 12 urte bitarteko haurren eta haien familien artean bizi-ohitura osasungarriak sustatzea eta haurren obesitatea prebenitzeak duen garrantziaz kontzientziatzea. Horretarako, haurrentzako bereziki diseinatutako hainbat jarduera jarri dira martxan, eta Tix & Loy-ren irudiaren inguruan egituratu dira. Bi animazio-pertsonaia horiek programaren balioak irudikatzen dituzte, eta xede-publikoarekin azkar konektatzen dira. Jarduera horien barruan sartzen da unitate didaktikoak garatzea ikastetxeetan azaltzeko, eta tailerrak antolatzea ikastetxeetan, supermerkatuetan eta EROSKI hipermerkatuetan.
Halaber, EROSKIk “Hazteko energia” mikrogune espezifiko hau sortu du. Informazioa eta hezkuntza-baliabideak biltzen ditu, hala nola komikiak, bideoak, fitxak, menuak edo errezeta errazak, haurrengan sukaldaritzarekiko zaletasuna pizteko. Doan deskargatu daitezke.
Haurrei nutrizio-etiketak interpretatzen erakusteko eta nutrizio-piramidea elikadura-ohiturak orientatzeko eredu gisa ezagutarazteko asmo berarekin, EROSKIk bere markako produktuen packaging-a diseinatzen lan egin du, duela bost urte baino gehiago Nutrizio Semaforoa sartzean egin zuen bezala. Marka propioko zerealen diseinua saritu dute oraingoan, eta, kontsumitzaileari markaren balioak helarazteaz gain, proposamen ludiko bat egin nahi izan zaie txikienei, zortzi produktu-barietaterako zortzi animalia-irudi garatuz. Balio-proposamen gisa, kontran zabaldutako ilustrazio bakoitza joko geometriko bat da, haurrek animalien irudiak muntatzeko eta markarekin esperientzia bat gozatzeko aukera izan dezaten.
