Skip to main content

“Eroski zurekin” programak NAOS Estrategia Saria lortu du, elikadura-ohitura osasungarriak sustatzeagatik

Elikadura arloko Segurtasunaren eta Nutrizioaren Espainiako Agentziak (AESAN) Eroskik bizi-ohitura osasungarriak sustatzeko egiten duen lana aitortu du, eta enpresa-ekimen onenaren NAOS Estrategia Saria eman dio, “Eroski Zurekin elikaduraren eta ongizatearen alde” programari esker. Programa hau, nutrizio eta bizitza aktiboko ohitura osasungarriak sustatu eta bultzatzea helburu duten proiektu sorta zabal batean datza. Horien artean, nutrizio-informazioa (produktuen etiketatze osatuago eta argiago baten bidez) eta berezko markako produktuen nutrizio-kalitatea (trans gantzak, osasunarentzat kaltegarrienak direnak, kenduz) hobetzea nabarmentzen da. “Eroski zurekin” lelopean, halaber, haurren obesitatea prebenitzeko kanpainak egin dira.

Haurren obesitatea prebenitzeko CONSUMER EROSKI on line eskola Interneteko baliabiderik osoena da

Saria Madrilen jaso zuen joan den ostegunean Arantza Laskurain Eroskiko Kontsumo zuzendariak, Bernat Soria Osasun eta Kontsumo ministroaren eskutik eta III NAOS Konbentzioaren baitan. Osasun eta Kontsumo Ministerioak AESANen bidez garatu duen Nutriziorako, Jarduera Fisikorako eta Obesitatea Prebenitzeko Estrategiaren (NAOS) helburua da herritar guztien elikadura-ohiturak hobetzea eta jarduera fisikoa maiztasun jakin batekin egitea bultzatzea, eta arreta berezia jartzea haurtzaroko obesitatearen prebentzioan.

Eroskiko Kontsumo zuzendari Arantza Laskurainen arabera, “sari hau ez da jarduera jakin baten saria, baizik eta Eroskik kontsumitzaileen ongizateari eta bizi-ohitura osasungarri batzuen hedapenari egindako ekarpen globalaren aitorpena. Eroskik ikuspegi orokor batekin heltzen dio erronka horri: nutrizio-informazio gehigarria eskaintzen duten marka propioko produktuekin, haurrentzako kirol-jarduerarako programekin, nutrizio-gaiei buruzko adituek egindako kalitateko eta doako informazioarekin… Azken batean, Eroskik bizi-ohitura osasungarrien alde egiten duen ekarpena gure enpresaren egunerokotasunean txertatuta dago sortu zenetik, eta oso leku garrantzitsua du gure lehentasunen artean”.

“Eroski Zurekin” ekimenaren katalogoan CONSUMER EROSKI-k argitaratutako material ugari sartu ziren

“Eroski zurekin” programak aurkeztutako ekimenen katalogoan, CONSUMER EROSKI-k argitaratutako material ugari sartu ziren, zeinak, duela hamarkada batzuetatik hona, elikadura orekatu eta osasungarria eta jarduera fisikoa egitea sustatzen duten informazioak eskaintzen baititu egunero.

Haurren obesitatea

Haurren obesitatea prebenitzeko CONSUMER EROSKI on line eskola Interneteko baliabiderik osoena da. Informazio praktikoa ematen die haurrei, baina baita haien guraso eta arduradunei ere, haurrak behar bezala elikatu daitezen eta gizentasuna saihestu dezaten. Jolas originalak ere baditu, txikienek modu osasungarrian ikasten, dibertitzen eta elikatzen ikas dezaten. CONSUMER EROSKI-k herritarren elikadura-azturak hobetzeko eskaintzen dituen beste elementu batzuk ia 3.000 errezeta dira, bakoitza bere iruzkin dietetikoarekin eta hainbat parametroren arabera ordenatuta (horien artean, ahalmen energetikoa, zailtasun-maila eta kostua), eta eguneroko bizitzarako hain baliagarriak diren Gida Praktikoak (liburu monografikoak). Horietako batzuk elikadurari buruzkoak dira: ‘Elikagai aholkatuak, baimenduak eta 29 gaixotasunen arabera mugatuak’, ‘Zer kirol egin, adinaren eta egoera fisikoaren arabera’; ‘Nolakoa izan behar duen elikadurak adinaren eta lan motaren arabera’. Gainera, gida horietako batzuk elikagai espezifikoei buruzkoak dira, hala nola frutei buruzkoa, haragiei buruzkoa edo arrainei buruzkoa.

Sarituak ere izan ziren…

Beste kategoria batzuetan, Estrategia NAOS saria jaso zuten Sant Andreu de la Barcako Udalak (Bartzelona), Madrilgo Entrenatzaile Pertsonalen Elkarteak (AMEP), Kataluniako Osasun Sailak, CIGNA aseguru-etxeak eta Ikerketa Zientifikoen Kontseilu Gorenak (CSIC). Era berean, ‘ex aequo’ sari berezia eman zitzaien, hil osteko izaerarekin, Gregorio Varela eta José Mataix irakasleei, “herritarren elikadura-ohiturak hobetzeko egin duten ahaleginagatik”.

AESANen lana

Elikadura arloko Segurtasunaren eta Nutrizioaren Espainiako Agentzia (AESAN) erakunde autonomo bat da, Osasun eta Kontsumo Ministerioari atxikia, eta bere eginkizuna da elikagaien segurtasun mailarik altuena bermatzea eta herritarren osasuna sustatzea. Elikagaiek transmititzen edo bideratzen dituzten gaixotasunen arriskuak murriztean eta elikagaiak kontrolatzeko sistemen eraginkortasuna bermatzean datza bere lana. Halaber, elikagai osasuntsuen kontsumoa sustatzen du, haien eskuragarritasuna eta informazioa erraztuz, eta estrategiak eta jarduerak planifikatzen, koordinatzen eta garatzen ditu, elikaduraren arloan eta, bereziki, obesitatearen prebentzioan osasunaren informazioa, hezkuntza eta sustapena sustatzeko.